Nafarroa Baik hausnarketa eta herritarren partehartze prozesua abian jarri du, osasun sistema aztertzeko
(2009/Ekaina/17)
   
 
Lanean hasi ahal izateko, NaBaiko talde parlamentarioak prestatu duen txosten bat erabiliko da, eta bertan jasotzen dira, Maria Kutzek zuzentzen duen Sailean beraien ustez lehenbailehen ezarri behar diren neurriak; besteak beste: finantzazio egokia eta iraunkorra garatu eta Lehen Arretari lehentasuna eman.

Halaxe jakinarazi du gaur goizean osasun arloko Nafarroa Baiko bozeramaile Asun Fernandez de Garaialdek. Azpimarratu duenez, lehen zirriborro hori Nafarroa Baiko batzorde iraunkorrean aurkezteko asmoa dute lehendabizi, ezagutu, eztabaidatu eta nar dezan, bertan jasotzen diren edukietan sakontzen hasi aurretik.

Hurrengo fasean, “eta ahalik eta parte-hartze handienarekin”, dokumentuan jasotzen diren hainbat ildo estrategiko garatuko dira, “gizarte eztabaidan aurrera egiteko asmoarekin, Nafarroa Bairen ustez, hori beharrezkoa delako”. Lan-talde batzuk lanean jarri dira jada. Talde horietan aurreko proposamenak egingo dira, eta bertan parte hartu ahal izango dute nahi duten herritar guztiek, koalizioarekin harremanetan jarri eta gero. Behin betiko ondorioen aurkezpena egin aurretik, jardunaldiak egingo dira.

Fernandez de Garaialdek azaldu duenez, zirriborroaren ondorio nagusien artean jasotzen da Nafarroako Gobernuak “gastuaren kontrolean oinarritutako politika” egin duela. “Zentroei eta zerbitzuei berea egiten utzi diete, ekimen publikoa helburu handietara bideratu gabe”.

Nafarroa Baiko parlamentariaren ustean, “baliabideak ondo kudeatzeko neurririk ez da hartu, esate baterako, botiken gastuari eusteko politikak, teknologia berrien ezarpena, baliabideak bikoiztuta ez egoteko neurriak edo zentroen arteko koordinazioa hobetzekoak”.

Hala, hobetzeko hainbat neurri proposatzen dira dokumentuan: sistemaren finantzazio egokia eta iraunkorra, sektoreen arteko politikak, sustapena eta prebentzioa, pazientea sistemaren erdigunean jartzea, eraginkorrak eta kalitatezkoak ezartzea eta lehen arretari lehentasuna ematea.